lunes , 25 septiembre 2023
Entrega trofeos 2019

Bakioko Open Kiroleta tenis txapelketa jokatuko da berriro udan

Open Kiroleta – Bakio Udala tenis txapelketa berriro jokatuko da uda honetan, ekainaren 27tik uztailaren 3ra, covid-19aren pandemiak iazko edizioa bertan behera uztera derrigortu ondoren. Nazioarteko Tenis Federazioaren zirkuituaren barruan dago lehiaketa, eta ATPren munduko sailkapenerako puntuak banatuko ditu.

Txapelketaren 36. edizioa da aurtengoa, eta tenisean nazioarte mailan gorabidean dauden jokalariak bilduko ditu Bakioko klubeko pista gogorrean. Dagoeneko zirkuituan finkatuta dauden Roberto Bautista (9.a ATPn), Alejandro Davidovich (46) edota Jaume Munar (80) moduko tenislariek jokatu dute aurretik Open Kiroleta, besteak beste.

“Asko pozten gaitu iragartzeak azken urte eta erdi zailaren ondoren txapelketa itzuli egingo dela. Ahalegin handia egin dugu aurrera ateratzeko, baina ziur gaude merezi izango duela. Gure aletxoa jartzea ere bada helburua, azken hilabeteetan galdu ditugun gauzekin berriro gozatu ahal izan dezagun”, adierazi du Igor Del Busto txapelketako zuzendari eta Euskadiko Tenis Federazioko presidenteak.

Aurreko urteetan bezala, ATPren lehen 200 sailkatuen arteko zenbait jokalari espero dira, eta haietako batzuk Wimbledongo txapelketako aurretiko fasetik helduko dira, aurreko astean jokatuko baita. Bakioko txapelketa ‘ITF World Tennis Tour’ zirkuituan mantendu da, ‘25.000$’ kategorian, eta 20.000 eurotik gora banatuko ditu sarietan.

Antolatzaileen helburua da txapelketa zaleak harmailetan daudela egin ahal izatea, eta erakunde ezberdinekin lanean ari dira ekainaren 27tik aurrera Bakioko pistetan horrela izateko.

“Azken asteetan beste kirol ekitaldi batzuetan bezala, harmailetan publikoa egotea espero dugu. Txapelketa martxan jartzean, zaleek tenis profesionalez zuzenean gozatu ahal izatea da gure ilusioa, eta uste dugu, aire zabaleko pista batean beharrezko edukiera eta prebentzio neurriak hartuta, hori posible dela. Hilabeteak daramatzagu aukera guztiak lantzen, gertatzen dena gertatzen dela, tenis txapelketa handi batez gozatu ahal izateko”, gaineratu du Del Bustok.